Bilboko Arte Ederretako Museoan

Arte Hezkuntzak, norberaren egite pertsonaletik haruntzago joanez, besteen lanen ezagutzarako, interpretaziorako eta ulermenerako tresna eta baliabidea izatea du xedetzat, ikaslearen sentsibilitate estetikoaren garapena bultzatuz, besteen ekoizpenekiko eta ekoizpen kulturalekiko begiramen eta jakinminean hezitzeko. Jarduera artistikoak ezaugarri sozial eta kultural garrantzitsua dauka. Hezkuntz Artistikoak ikaslegoak ondare kultural horren ezaguera eta estima eskura ditzan ahalbidetu behar du, denboran zehar eta gizarte batetik bestera, irizpide eta estilo desberdinak izan dituen ondarea alegia.

Helburu hauekin, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek artearekin topaketa eder bat izaten dute ikasgelatik kanpo: Bilboko Arte Eder Museoan, bertoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak, haurren adina edota esperientzia mailari egokituta antolatzen duen programa didaktikoan parte hartzen baitugu aspaldidanik. Museora egiten dugun bisitaldi honen bidez, arte, kultura eta museoen mundura hurbiltzen ditugu ikasleak. Ekimen honek lan eta eduki esparru ezberdinak jorratzen ditu hiru jarduera nagusi hauen bitartez: bi pelikula labur ikusi (“Koloreak” eta “Formak”), Museoko artelanak ezagutu (“Kontaktu Ibilbidea”) eta artelana ekoiztu (argizariak erabilita, pintura bat egin).

Arte Ederretako Museoan zehar egiten den ibilbidea, zenbait koadroen bidez, museoan zehar ibili eta ikasleekin garatu beharreko programa gauzatzeko proposamena da. Museoko Pedagogi-taldeak bisitarako metodoa  proposatu eta haren nondik-norakoak zehazten baditu ere, irakasle-tutorearen ardurapean burutzen da ikasleekin egiten den ibilbidea. Artelanen behaketan sakondu eta horiei buruz informazioa eskuratzeko material lagungarri gisa, Museoko Hezkuntza Sailak argitaratutako koadernoxka bana jasotzen dute ikasleek ibilbidea hasi aurretik.

Zortzi koadroen bitartez, Bilboko Arte Eder Museoko lanak ezagutu eta pintura alorrean murgiltzen ditugu gure ikasleak. Museoko aretoetan zehar dabiltzala, arte-lan askok (koadroek, eskulturek…) erakartzen dute ikasleen arreta, baina ibilbide honen programa barruan dauden koadroetan murgilarazten ditu irakasleak, aurrean duten pinturaren behaketa, hausnarketa eta ezagutza sustatuz.

 Ibilbiderako proposamen honek, ikasleek, koadro bakoitzaren aurrean, beraien behaketaren trebetasuna gehitzea, hausnarketa bultzatzea, norberak bere interpretazio propioak egitea eta iritziak agertzea du helburutzat. Ikasleek gaitasun hauek garatu ditzaten, hurrengo lau ataletan eragingo du irakaslearen eskuhartze didaktikoak:

  • Deskribapena: ikus daitezkeen ezaugarrien  aipamena (kolorea, materiala, irudiak…). Minutu batez isilean behatu ondoren, artelanean dagoena aipatu. Zer ikusten duzue? Zein kolore dago? Pintzelez bakarrik eginda dago ala beste materialen bat ere erabili ote du? Zein material? ...
  • Analisia: artelan batean aurkitutako ezaugarrien arteko harremanen zehaztapenak. Zein da irudirik garrantzitsuena? Zer da deigarriena, zure ustez?... 
  • Interpretazioa: lanak bere baitan biltzen dituen ideiak, sentimenduak, giroa eta egoera animikoen azalaraztea (koadroak iradokitako mezua, sentipenak, emozioak… ). Nola sentiarazten zaitu koadro honek? Zure ustez, koadro honen koloreek  zein sentsazio sortzen dute: poza, beroa, tristura, hotza…? Zergatik? Zer-nolako pertsona mota da hori? Neska hau familia aberatsakoa izango zen ala normalekoa? Zergatik? Zein izenburu jarriko zenioke koadro honi? Zein da gaia?... 
  • Sentsibilitate estetikoa eta irizpena. Sentsibilitate estetikoa: koadroaren kualitate estetikoari dagozkion ezaugarriak (edertasuna, handitasuna…). Irizpena: gustukoa duten ala ez esateaz gain, aurreko ataletan bildutako informazioa erabiliz, ondorio bat ateratzea. 

Ibilbidea aurrera doan heinean, batetik, ikasleen behaketa gaitasuna zorroztu eta euren parte hartzea hobetu eta areagotu egiten da; bestetik, ekimen honetan sor daitekeen jarrerarik desiragarriena ere azalarazten dute: artearekiko interesa eta artearekin gozatzeko eta bizitzeko irrika.