Antton Kazabonen bisita

Gaur Antton Kazabon idazlearen bisita izan dute Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek. Idazleen bisitaldi hauek ikasleen irakurzaletasuna areagotzeko plangitza baten osagai garrantzitsua dira.

Hara zer esan duen Anttonek: "Hamahiru urte nituen, herriko udaletxean Gabonetako literatur lehiaketa haietako batean saria jaso nuenean. Han-hartan zirrara berezia sentitu nuen barruan, baina ez zen jaso nuen sariarengatik, Mila euskal olerki eder, liburu mardul eta ederrarengatik, artean oso urrutira bazen ere, sumatzen hasia nintzen letren mundu ezkutuko magiarengatik baizik. Gogoan dut nola izerditu zitzaizkidan eskuak etxerako bidean, 1967ko Olentzaro gau argi hartan, Aita Onaindiaren olerki bilduma eskutan neramala.

Berehala ohartu nintzen, gerora, idaztea nire ofizioa ez, baina nire afiziorik gustukoena izan zitekeela. Beharbada, 1954ko San Juan eguneko gau ilargi beteko eta berezi hartan, udako solstizioaren gailur-gailurrean, ilargiak orginduko zuen nire irudimen jaio berria.

Denborak aurrera egin ahala, Etxepareren olerkiek, Axularren Gerok, Barkoxeko Etxahunen koplek, Mendibururen Jesusen bihozaren debozioak, Elissanbururen Ikusten duzu goizean izeneko kantak, Mogelen Peru Abarkak, Kirikiñoren Abarrak izeneko liburuak, Lizardik, Lauaxetak, Azkuek, Orixek, Txomin Agirrek eta hainbat eta hainbat idazlan eta idazle klasikorenganako miresmenari esker, eta haien literatur haizeak liluratuta, nonbait, gure barruan ere sormenerako grina piztu zitzaigun.

Urte batzuen buruan, ikastolan geunden ikasleen aurrean, oraindik ere lortu ez dugun irakurketa zaletasuna indartzeko ahaleginetan. Gaztetxoentzat euskarazko testu liburu gutxi, irakurgai egoki eta atsegin gutxiago... Argitaletxeak ere testu liburu egile eta idazle eske... Bazen zer eginik arlo horretan.

Aspaldiko idazteko zaletasun eta grina haiek, beste osagai bat zuten aurrez aurre: Beharra. Hori da gauzak parean tokatzea. Ez nuen beste irtenbiderik, patuak eskainitako bidea hartzea besterik. A zer suertea!

Ohartzerako materiale sorkuntzan murgilduta geunden. Aurrena testu liburuak izan ziren, gero irakurgaiak eta narrazio laburrak, ondoren ipuinak, jarraian bertsoak, olerkiak, nobelatxoak... Gaur egun, gozatzeko bakarrik idazten dut, bizitzari kolorea emateko, mundua errazago pasatzeko, eguna alaitzeko, ilunak argitzeko... Ez da horrelako afiziorik! Latza!

Gero eta gehiago gustatzen zait, handitzean idazle izango naizela amestea".