Eureka! Zientzia Museoa

Eureka Zientzia Museoa Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan dago, ingurune natural ikusgarrian, eta museo interaktiboa da. Izan ere, informazioa modu erakargarrian aurkezten du eta komunikazio-estilo berria du, objektuen maneiuan eta esperimentuetan oinarritua. Eureka Zientzia Museoak inguru bizia eskaini nahi du, zientziaren eta teknikaren munduarekin loturiko jardueretan parte hartzeko.

Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako ikasleek tailer desberdinak egingo dituzte bertan:

  • Lurra eta eguzkia (eguna eta gaua): horizontea behaketa astronomikoak egiteko esparru fisiko gisara aurkezten da tailer honetan, eta puntu kardinalak, berriz, Eguzkia kokatzeko marka bezala. Udaberriko eta udazkeneko lehenengo egunean ekialdetik ateratzen da Eguzkia, eta mendebaldetik sartzen. Garai horretan izaten du ekialdean irits dezakeen garaiera handiena, gainera. Ikusten dugunaz hasiko gara hizketan: Eguzkiaren mugimenduaz. Baina, Eguzkia Lurraren inguruan mugitzen al da? Lurraren errotazio-mugimenduaren teoria aurkeztera eramango gaitu galdera horrek.
  • Urtaroak: urtaro bakoitzeko lehenengo eguna astronomiari dagokionez
    egun berezia dela azalduz hasiko gara: ekinozioak eta solstizioak. Ondoren, Eguzkiak horizontean egiten duen ibilbidea urtaro batetik bestera nola aldatzen den, eta ibilbide horrek egunaren iraupenaren aldaketekin duen erlazioa deskribatuko ditugu. Bukatzeko, Lurraren eredu bat erakutsiko dugu, ardatz inklinatukoa, eta harekin azalduko dugu urtaroen fenomenoa.
  • Kartoizko suziriaren sekretua: planetarium-saio honetan, bi umerekin Eguzki Sistemako planetetan barna bidaia zoragarria egiteko aukera izango dugu. Espazio-ontzi bat eraikiko dute horretarako, eta, astronomia liburu baten laguntzarekin, banan-banan ikusiko dituzte planetak eta haien ezaugarri deigarrienak. Baina ustekabekorik ere bada bidaia honetan.