Lorategia

LorategiaMuskizko Ikastolan ingurugiro ikuspegia eskola curriculumetan eta, orohar, gure ikastolako eguneroko bizimoduan sustatzeko ahalegin handiak egin ditugu betidanik. Hori dela eta, aspaldian, oraindik ere indarrean dagoen Eskola Lorategia izeneko proiektua martxan jarri genuen. Honen bitartez, lur zati bat, Lehen Hezkuntzako 1. zikloko ikasleentzat (6-8 urte) ingurugiro-heziketarako baliabide bihurtu zen, eskola paisaia zein ingurugiro kalitatea hobetu dugularik.

Eskola-lorategian lan egiteak, Ingurugiro Hezkuntzaren asmo, helburu eta edukiekin bat datorren hezkuntza-praktika errazten du. Ingurugiro Hezkuntzak hiru dimentsio kontutan hartzea eskatzen du:

  • Ingurunean bertan hezitzea: lorategian zuzenean ikertuz eta lan eginez, hurbileko ingurune honetan eragina duten arazoak, arazo orokorragoekin erlazionatuz.
  • Inguruneari buruz hezitzea: lorategia sistema ekologikoa da eta bere osotasunean ikertu behar da, osatzen duten elementuak (lurra, hezetasuna, tenperatura...), elementuen arteko elkarregina, inguruneak jasaten dituen aldaketak, ingurunearen antolamendua eta beste zenbait sistemekiko dituen elkarrekiko menpekotasunak kontutan hartuz.
  • Ingurunearen alde hezitzea: ingurugiroarekiko errespetu handiagoa azaltzen duten jokabideak lortzeko beharrezkoak diren zenbait balore eta jarrera sustatuz. Lorategian egingo den hezkuntza-mailako lanaren zehar-izaeraz gain, lorategia baliabide aparta da arlo desberdinetako gaiak jorratzeko.

Ingurunearen Ezagupenari dagokionez gai ugari lan daitezke, hala nola, lurra, ura, izaki bizidunak eta horien aniztasuna, ekosistemak, aldaketa naturalak, kutsadura... Matematika arloan, kalkuloak zein neurketak, informazioa antolatzeko grafikoak eta estatistikak, lursailaren plano errazak edota benetako datuetan oinarritutako buruketak egiten dira.

Hizkuntza arloan, elkarrizketak, eztabaidak, ipuinak, esaera zaharrak eta lorategiari dagokion hiztegi zehatza lantzen da. Plastika Hezkuntzari dagokionez, ehundurak, koloreak eta formak sailkatzen dira; ingurunea irudikatzen da, irudiak aztertzen dira, inguruneko forma naturalak zein artifizialak, kartelak, kollageak, hormirudiak eta muralak egiten dira. Hazitokiak eta terrariumak material bakunekin eraiki daitezke.