Agate Deuna, negu bihotzean

Urte berri eta inauteri bitarteko aro honetan, negu bihotzean alegia, geure-geureak ditugun ekandu zaharrak ospatzen ditugu: San Blas egunean, otsailaren 3an, sameko harien bedeinkapena, Kandelerio edo kandelaria egunean kandela edo suen bedeinkapena eta, zalantzarik gabe, Bizkaia osoan ezagun, bizi eta zabalduena den Santa Ageda edo Agate Deuna.

Santa Agedaren ospakizuna antzinako baserritarren siniskera edo ohituraren baten ordez Elizak ezarritako festa omen da. Gaur ohitura zahar hori somatu baino ezin dugun arren, ernalkuntza eta ugaltasuna, emankortasunarekin alegia, zerikusia duela esan dezakegu. Baita haurdunaldian dauden edo seina duten amekin ere.

Euskal Herrian zehar, ospakizun desberdinak daude Agate Deunaren egunean: zenbait lekutan kanpaiak jotzen dituzte sorginak uxatzearren, Nafarroako herri batzuetan tximiniak garbitzen dituzte urtean zehar suteak gerta ez daitezen... Baina ezagunena eta zabalduena, etxez etxe eskean joatea da abestiak eta koplak kantatzen diren bitartean.

Guk ere ohitura zaharrarekin bat egiten dugu eta otsailaren 4an Agate Deuna ospatzera irtengo gara. Ikastolatik abiatuko gara arratsaldeko 17'30etan, herrian zehar abesteko asmoz.