Mozorroa prest?

Inauteriak ate joka ditugu eta mozorrei azken ikutuak ematen ari gara. Aurten itsasoa izango da Ikastolako Inauterietako gaia eta edonondik agertzen zaizkigu egun hauetan arrantzaleak, arrainak edo marmokak.

Inauteriak ospatzeko ohitura aspaldiko kontua dela diote adituek. Erroma klasikoan, udaberriari ongietorria emateko, Saturnalia izeneko festak ospatzen zituzten. Kristautasuna zabaldu zenean, Elizak garizuma ezarri zuen, hots, berrogei egunez haragia jatea eta festak ospatzea debekatu zuen. Jendeak, hori ikusirik, berrogei egun horien aurretik, ondoren debekatuak zituen plazerrez gozatzeari ekin zion. Jendea kalera irten eta jai giroan murgiltzen zen. Horra hor inauteriak ospatzeko aitzakia.

Euskal Herrian inauteriak ospatzeko ohitura oso zabalduta dago. Herri bakoitzak inauterietako bere pertsonaiak ditu: Miel Otxin, Markitos, Zamaltzaina, Bolantak, Hartza, Atorrak, Mamoxorroak eta beste hainbat. Datak ere desberdinak izaten dira: hainbat herritan mozorro garaia iragan da dagoenekoz, beste batzuetan, ordea, geroago izango da.

Herri bakoitzak bere ohiturak ditu baina bada guztiak lotzen dituen zerbait: mozorrotu eta kalera ongi pasatzera irteteko gogoa.