Osasun arreta
Eskola orduetan eskaini beharreko arreta medikuari dagokionez, ondorengo hau kontuan hartu behar da:
1. Ikastetxe publikoetan ikasleen arreta medikua Osakidetzak bermatzen du, beraz, orokorra eta doakoa da.
2. Horren ondorioz, ez dago bestelako mediku-asegururen beharrik. Jakina, edozein familiak bere kontura nahi duen modura jokatu ahal du.
3. Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloen arabera, Muskizko Ikastolan horrela jokatuko da kasu hauetan:
ISTRIPUAK
· Edozein osasun-arazo larriren aurrean, 112ra deituko da jarraitu beharreko argibideak eman ditzan. Segituan, familiari jakinaraziko zaio.
· Sarri askotan gertatzen dira larriak ez diren istripu txikiak: kolpe arinak, zaintiratuak, ubeldurak, koxkorrak… Halakoetan familiari jakinarazten zaio eta familia da osasun-zerbitzuetara ikaslea eraman behar duena: Muskizko anbulategia, Urtuellako larrialdiak edota Gurutzetako Ospitalea. Arreta jasotzerakoan, istripua ikastetxe publiko batean gertatu dela adierazi behar da.
BOTIKAK
· Medikazioa hartzeko ordutegia egokitu behar da eskola-ordutegiarekin bat etor ez dadin, eta hori kasu gehienetan posiblea da, baita ere antibiotikoak hartzeari dagokionez.
· Bestelako kasuetan, botika emateko eskaera idatziz egingo da ondorengoak argi eta garbi azalduz: ikaslearen izena, botika mota, dosia, emateko ordua, sinadura eta data (Idazkaritzan eredu bat duzue eskuragai).
GAIXOTASUNA
· Gaixorik dagoen umea ezin da Ikastolara etorri, are eta gutxiago gaixotasun kutsakorren kasuan (barizela, konjuntibitisa…).
· Ikaslea Ikastolan dagoen bitartean gaixotzen bada, familiari jakinaraziko zaio bere bila etor dadin.